XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adostasun barik ere PSE-PSOEk burutu egingo du Ibar Ezkerrerako plana

Sozialistek eta UGTk ziurtzat jotzen dute Sestaon altzairutegia jartzea

Ibar Ezkerrerako berrindustrializazio plana egin du PSE-PSOEk, eta adostasunik lortzen ez badu ere aurrera eramateko asmoa dauka.

Sozialistek ziurtzat jotzen dute Sestaoko AHVn altzairutegia eraikitzea.

UGT sindikatuaren esanetan CSIk Madrilen baimena dauka proiektu hau aurrera eramateko.

M. ARREGI / BILBO

Jose Luis Marcos Merino PSE-PSOEko idazkariordea eta Nicolas Redondo Terreros Bizkaiko sozialisten idazkaria Sestaoko alderdikideekin bildu ziren atzo eskualdeari bizi duen egoerarengatik gure elkartasuna adierazteko eta berrindustrializazio plana aztertzeko.

Ibar Ezkerra berrindustrializatzeko planaren inguruan erakunde, alderdi eta sindikatuekin adostasuna lortu nahi dutela ziurtatu zuen Marcos Merinok, baina akordiorik lortzen ez bada ere konpromezuari eutsiko diotela gaineratu zuen.

Industri lurrak berrerabiltzeko azterketa burutzea proposatzen du sozialistek egindako planak.

Industria berriak erakartzeko neurrien artean enpresek 10 urtetan zergarik ez ordaintzea jasotzen da dokumentuan.

Gainera hiriguneen errekuperazioa eta lanbide heziketa eta trebakuntza bultzatzeko ekimenak biltzen ditu planak.

Krisi egoera larria azaltzeko orduan 300.000 biztanleko eskualdeak 25.000 lanpostu inguru galdu dituela adierazi zuen.

Txetxu Milla Sestaoko alkateak jakinarazi zuenez, Claudio Aranzadi Espainiako Industria ministroa prest agertu da berrindustrializaziora bideratutako edozein plan bultzatzeko eta laguntzeko.

Sozialistek Jon Azua Gasteizko Gobernuko Industria arduradunaren aldetik konpromezu berbera lortu nahi dute.

PSE-PSOEko ordezkariek Herri Batasuna eta Ezker Batua alderdien jarrera salatu zuten.

Redondoren esanetan HB eta ETAren inguruko jendearen ustez zenbat eta gaizkiago joan gauzak beraientzat hobe.

Egoera erabili nahi dute Ibar Ezkerra eskualde gatazkatsu bilakatu dadin.

Ezker Batuak, berriz, CCOO sindikatua bere hauteskunde interesetarako erabiltzen duela adierazi zuen Bizkaiko sozialisten idazkariak.

ALTZAIRUTEGIA LAISTER ERAIKIKO DA

PSE-PSOEko kideek ia ziurtzat jotzen dute Sestaon AHVko labe garaien ordez altzairutegia eraikitzea.

Datorren maiatzean Brusselako agintariek Madrileko Gobernuak defenditzen duen proiektuari argi berdea emango diotelakoan daude sozialistak.

Merinok zehaztu zuenez, maiatzean bertan has liteke altzairutegiaren eraikuntza.

Sozialisten iritziz ez dago arrazoi teknikorik Europako Batzordeak altzairutegiaren proiektua atzera botatzeko.

Estatu mailako UGT-Metaleko ordezkariek Barakaldon izan zuten bileran ere ziurtzat jo zuten proiektuaren gauzatzea.

UGTko Metal federakundeko idazkaria den Manuel Fernandez Litok esan zuenez, AHV eta Ensidesa biltzen dituen CSI korporazioak Madrileko Gobernuaren baimena dauka inbertsio egitaraua martxan jartzeko.

Horren barruan altzairutegiaren eraikuntza jasotzen da.

Hitzarmen kolektiboari buruz ere mintzatu ziren sindikatuko kideak.

Ildo honetatik aurten prozesu hau zaila eta luzea izango dela iragarri zuen Litok, eta enpresariek soldatak apaldu nahi dituztela gogoratu zuen.

Ibai Ezkerreko industria suspertzeko egitasmoa aurkeztu du PSE-PSOEk.